XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kanpoan euria zen.

Leihoetako kristalak haize bortitz batek kolpeiatzen zituen.

Eguraldi horrekin, nor etorri zitekeen inoren galdezka?.

Ez zegoen horren arriskurik, ez.

Eta gainera, inor etortzekotan, ostatura sartuko litzateke zuzenean, gortara joan beharrean.

Neskak beste eskupekoa ere sakelean gorde zuen.

Gainera, gorta zaintzaileari ez zion inolako sinpatiarik.

Ordu bete inguru igaro zen ezer garrantzizkorik gertatu gabe eta ostatuko neska, kezkarik gabe jadanik, lasaiki ari zen bere zereginak betetzen.

Horretan zegoela, atea zabaldu eta jaun bat ikusi zuen sartzen, eta ondoren soldadu taldea.

Neska ez zen izutu.

Lizarra-ko goarnizioan ehundaka soldadu kristino zeuden eta oso normala zen haiek ostatua bisitatzea.

Soldaduekin sartutako jaunak ostatuko zerbitzariari hitz egin zion, eskari harrigarria eginez.

- Orain ordubete inguru etorritako bezeroarekin hitz egin nahi dut.

Neska asaldatu egin zen ez zuen jaun harengandik horrelako galderarik espero.

Gero, erreakzionatu eta artzain itxurako gizon hari prometatutakoaz oroitu zen.

- Ez da hona inor etorri.

- Nola ezetz?. Gorta zaintzaileak besterik esan dit, hemen sartu dela.

Neskak ahotik hitzik atera gabe madarikatu zuen gorta zaintzailea.

- Bueno, esan nahi nuen orain ez dagoela.

Bai, orain ordubete inguru gizon bat sartu da, eta kafesne beroa eta arraultze prijituak jan ondoren, irten egin da.

- Nora?. - Ez dakit.